XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LANAREN PSIKOSOZIOLOGIA Lana, berez, beharrizanik larrienak eskuratzeko izateaz gain, gizakia eta bere ingurunea aldatzeko tresna dugu; ongitasun fisikopsikikoen sorburu berez.

Gainera, Engels-en arabera giza bizitza ororen oinarrizko eta funtsezko baldintza da eta hain da handia non, hein batetan, lanak gizakia bera sortu duela esan behar bait dugu.

Baina historian zehar lan-baldintzak erabat alienagarriak izan dira; aurrerapen teknologikoek eta industrializazioak areagotu egin dituzte lanaren baldintza alienagarriak, zeinek ikuspuntu psikologikotik honako eraginak bait ditu: a) Lanak gizakiari bere denbora gehiena daramakio.

b) Giza harremanen iturririk ohizkoena da eta gizakia gizartean murgiltzeko, ia bide bakarra.

e) Lanak gizakiak gizartean betetzen duen funtzioa mugatzen du, honen posizioa zehaztuz eta kodifikatuz.

Gizarte industriala kontraesan funtsezko batez zatitua agertzen da; ongi funtzionatu ahal izateko kooperazioa behar duen unetik, botere-sistema eta estruktura zapaltzaile bilakatzen da.

Hirurogeiko hamarkadako esperientzia sindikal italiarrak laneko faktore kaltegarriak lau taldetan biltzen ditu: 1. Neur daitezkeenak. Giro fisikoa, mikroklima.

Hauen artean zarata oso psikopatogenoa da, bereziki erritmikoak ez diren hondoko zaratak edo ustekabekoak eta intentsitate aldakorrekoak, inmutabilitatetik haluzinazio-psikosiraino eragin dezaketelarik.

2. Produkzio-prozesuaren beharrak direla kausa, langiroan dauden substantzia kimikoak, hala nola hautsa, gasak eta lurrin pozointsuek; hauek etengabe aritzean stressa, antsia eta emozio-desorekak sortarazten dituzte, errenta-neurosi deritzan neurosiaren aurretik agertzen direlarik.

3. Beti batera ematen diren neke fisiko eta psikikoa.

Iharduera muskularrak lanerako prestaketa-denbora behar du (ordubete inguru).

Lan fisikoak neke fisiologiko arrunta sortzen du eta honek gaueko atsedenarekin desagertu behar du.

Nekea desagertzen ez bada hondar-nekea metatuz doa.

Neke patologikoa da hau, lanerako ahalmena neurri handian murrizten duena eta ahulezia-egoera larri edo surmenage batera eraman lezake, osatzeko babes medikoa eskatuz ezinbestez.

Neke-sentsazioa, dastamenik eza eta lanerako zein bestelako ihardueretarako indargetasuna agertzen da, baita suminkortasuna, loarekiko eta erraiekiko desarauketak, liseri- eta sexu-aparatuen funtzionamendu txarra, botagureak, hipertentsioa, (...).